Garapen soziala


Zer da garapen soziala?


Garapen soziala definizioz, gizarte baten kapital sozialaren eta bere giza kapitalaren garapena biltzen dituen kontzeptua da. Honen helburuak gizabanakoen, taldeen edo instituzioen arteko erlazioen eboluzioa eta onerako aldaketa dira; ongizate soziala etorkizuneko proiektu bezala ikusita.

Oinarrian, garapen soziala sozietate baten bizitza kalitatearen hobekuntza bezala ulertua izan beharko da. Ongizate altu bat lortzeko ezinbestekoa izango da komunitateko biztanleak askatasun, justizia, demokrazia, tolerantzia, berdintasun eta elkarkidetasun ingurune baten barruan bizitzea.

Horretaz gain, beharrezkoa izango da haien beharrak asetzeko baliabide anitzak izatea eta haien potentzialtasunak zabaltzeko boterea edukitzea. Hau guztia etorkizunean hobekuntza bat lortzeko bideratuta egongo da, bai norberaren errealizazioan eta baita sozietatearen osotasunaren errealizazioan.






Hizkuntzaren garapena


Garapen sozialak harreman handia dauka hizkuntzaren garapenarekin. Ikasleak eta gizakiok orokorrean izaki sozialak izateagatik kanpoko munduarekin eta beste pertsonekin komunikatzeko premia sentitzen dugu. Komunikazio hori lortzeko tresna bezala hizkuntza garatzeko beharra sentitzen dugu. Lehen hezkuntzan ikasleek haien berdinekin komunikatzeko ahaleginak egiteko grina pizten zaie. Gogotik saiatzen dira, ideiak emanez, parte hartzen eta besteen ikuspuntuak ezagutzen; hau da, elkarrizketa sozializatuan sartzen dira.

Ama-hizkuntzako fonema guztiak ondo ahoskatzea, eta ulermena zein adierazteko ahalmena handitzea da haien interes nagusia: konparazioak, elkarren aurkako esanahiak, antzekotasunak, desberdintasunak eta espazioari, zein denborari buruzko hitzak. Hizkuntzaren oinarrizko egiturak berenganatzen hasten dira, baina prozesu luzea izango da hori.





Garapen soziala lehen hezkuntzan


Ikasleek L.H.-ko lehenengo ziklo honetan helduek (gurasoek, irakasleek) zer pentsatzen duten jakiteko interes berezia dute, eta oraindik ere menpekotasun handiko harremanak dituzte nagusiekin. Neba-arrebekin gatazka gutxi izaten dituzte, eta haiekiko harremanetan onespena eta begikotasuna nagusitzen dira. Gainera talde bateko kide izateko premia sentitzen dutenez, ikaskideekin harreman onak dituzte, baina aldakorrak eta laburrak. Taldeak hauek txikiak izan ohi dira normalean.

Ikastaldea haur hezkuntzatik lehen hezkuntzara igarotzean bere homogeneotasun erlatiboa galtzen du, taldekideen arteko garapen-desberdintasunak nabarmenagoak baitira. Garapen-desberdintasun horiek taldekideen interesen arteko aldea areagotuko dute. Buruzagiaren esku-hartzeak pisu handia izango du sortzen diren arazoak konpontzeko.

Agintearekin lehen gatazkak sortzen dira, beren burua baietsi beharraren ondorioz eta gurasoen, zein irakasleen erreferentzialtasuna ahuldu egiten da. Modu honetan haien aginpidea kolokan jartzen da dagokien gizarte taldean beren lekua eta eginkizuna aurkitu behar dituztenez gero. Neska-mutilek beren ekimenez jarduten dute, eta jarrera sasihelduak izan ditzakete, sarritan imitazioz.

Pentsamendua garatzearekin eta komunikazio-ahalbideak areagotzearekin batera, ikasleak gai dira gizarte arlo gero eta zabalagoetara egokitzeko. Beraz, hurbileko ingurutik urrun dauden pertsonekin harreman hobeak eta aberatsagoak dituzte. Besteekiko harremanetan, besteen ikuspuntua berenganatzeko gai dira, haien pentsamendua malguagoa da, eta norberaren eta bestearen ikuspegia, batera, kontuan izateko gai dira.



SlideShare


Gai honetan interes berezia izatekotan behean agertzen den SlideShare aurkezpenean informazio gehigarria aurkituko duzue. Orokorrean nahiko interesgarria izan arren, 6-7 urte bitarteko etapari arreta handiagoa jartzea interesgarria izango litzateke. Izan ere hori da zuen seme-alaben egoerari hoberen egokitzen dena.


      

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina